Gu gara:

NICDO Gobierno de Navarra

Sare profesionalak:

APCE La Red Española
13/01/2026

Pamplona Negrak 'Noir-aren aurpegia' ezagutzeko atzerako kontaketa hasi du

Urtarrilaren 19tik 24ra, Jaialdiak programazio zabala ekarriko du: Crimen a escena atalaren 7 hitzordu, 8 mahai-inguru, 3 film eta proposamen ugari Baluarten eta hiriko hainbat gunetan. Eskaera handia dela eta, literatura-sorkuntzako tailerren edukiera handitu egin da

  • Pamplona Negra
  • Festival noir
  • PN2026


Astebete baino gutxiagoan hasiko da Pamplona Negra 2026 jaialdia. Urtarrilaren 19tik 24ra bitartean, krimena ulertzeko modua baldintzatzen duten estereotipoak, itxura faltsuak eta sinesmenak aztertuko dituzte hamabigarren edizioan, Noir-aren aurpegia izenekoan. Sei egun bizitan zehar, jaialdiak literatura, analisi kriminologikoa eta giza portaeraren begirada kritikoa uztartuko ditu, mahai-inguruen, hitzaldi espezializatuen eta egileekin egindako topaketen bidez, edozein pertsona krimen bat egiteko gai izan daitekeela erakusteko.

Jaialdia, Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak eta NICDOk sustatua eta Baluartek eta Nafarroako Filmategiak antolatua, Iruñeko auditoriumera itzuliko da egoitza nagusi gisa, eta hiriko hainbat tokitara zabalduko da, orain arteko programaziorik zabalenetako batekin. Guztira, Pamplona Negrak 7 Crímenes a escena (aurreko edizioan baino bi gehiago), ostegunean hitzordu bikoitza eta, lehen aldiz, larunbatean saio bat bilduko ditu; horrez gain, 8 mahai-inguru (horietako bi elkarrizketa formatuan) eta 3 proiekzio zinematografiko, tailerrekin, antzerki-proposamenekin eta jarduera paraleloekin batera. Benetako ikerketei, gaurkotasuneko kasuei eta polizia-kidego eta espezialisten lanari esker, publikoa analisi kriminalaren prozesu osoan murgilduko da.

Pamplona Negra 2026tik Estatuko eta nazioarte mailako autore garrantzitsuak igaroko dira, eta noir generoaren barruko analisi, ikuspegi eta esperientzia paregabeak eskainiko dizkiete ikusleei. Beste izen batzuen artean, Santiago Díaz, Jon Arretxe eta Mikel Santiago nabarmentzen dira, Nicolas Obregón egile britainiarrarekin batera nazioarteko zatian, eta horiei Marina San Martín, Arantxa Roufo eta Leticia Sánchez Ruiz idazleak gehitu behar zaizkie, aurtengo edizioan estreinatuko direnak.

HAINBAT PROPOSAMENETARAKO SARRERAK AGORTU DIRA

Hasiera emateko egun gutxi falta direla, noir jaialdiak erantzun bikaina jaso du publikoaren aldetik. Ibilbide Antzeztuak gaztelaniaz, hilak 17rako zein 24rako, agortu egin dituzte eskuragarri dauden lekuak —plaza gutxi geratzen dira euskarazko emanaldietarako—. Noir Gastronomiarekin Tres Reyes Hotelean izango den hitzorduak eta Testigo de cargo antzezlana Gayarre Antzokian taularatzeak ere "sarrerak agortuta" kartela eskegi dute, eta Nobela Beltzeko tailerrak, berriz, hasierako edukiera handitu behar izan du, eskaera handia izan baita. Datu horiek, Susana Rodríguez Lezaun Pamplona Negrako zuzendariaren hitzetan, "genero beltzaren zaleentzat ezinbesteko hitzordu gisa finkatu den jaialdiarekiko gero eta interes handiagoa berresten dute, bai gure erkidegoaren barruan, bai kanpoan".

Aurreko edizio guztietan bezala, jaialdiaren jarduera gehienak –mahai-inguruak, Krimenak eszenan eta egileekin topaketak liburutegietan...– doakoak dira, baina edukiera mugatua dute, eta, beraz, aretoak bete egin ohi dira. Baluarten programatutako zinema beltzeko hiru saioetarako sarrerak daude eskuragarri, publikoari engainuen, hilketa gertagaitzen eta itxura faltsuen istorioetan murgiltzeko aukera emango diotenak: Gupidaz emandako artsenikoa (URT 19), Errudun faltsua (URT 20) eta Ohiko susmagarriak (URT 21).

Jaialdia Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak eta NICDOk sustatzen dute, eta Baluartek eta Nafarroako Filmotekak antolatzen dute. Gainera, Pamplona Negra 2026k Iruñeko Udala, Tres Reyes Hotela, NUP Antzerki Taldea, Gran Feudo, Nafarroako Liburutegi Publikoak, Alhambra, EOIP/IHEO, Casa Salinas, Gayarre Antzokia eta El Corte Inglés ditu laguntzaile.