Gu gara:

NICDO Gobierno de Navarra

Sare profesionalak:

APCE La Red Española
16/06/2026

Zinema Beach 2026 ziklorako sarrerak salgai daude jada

Erakusketa Aretoa hiri-hondartza bihurtuko da berriro uztailaren bigarren hamabostaldian, El jovencito Frankenstein (uztailak 21), Batman (23), Wall-E (28) eta Los cazafantasmas (30) filmak hartzeko

  • Zinema Beach
  • cine verano Baluarte


Baluarteko hondartzak ateak berriz irekiko ditu uda honetan. Aurreko edizioen arrakastaren ondoren, Erakusketa Aretoa Zinema Beach zikloaren edizio berri batekin bihurtuko da berriro udako zinema modu berezi batean bizitzeko espazio batean, NICDO-Baluartek eta Nafarroako Filmotekak antolatuta, eta Reyno Gourmeten laguntzarekin.

Udako zinemaren ohiko esperientzia berrinterpretatzeko asmoz, Zinema Beachek zinema handia, giro lasaia eta hondartzako estetika gogorarazten duen eszenografia uztartuko ditu. Tumbonak, chill out gunea, ostalaritza zerbitzua, jolasak eta hainbat jarduera izango dira publiko guztientzat, eta lau film ikusgai izango dira jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpitituluekin.

Nafarroako Filmotekako programazio arduradun Julio Mazaricok azaldu duenez, udako zinema betidanik izan da pelikulak modu lasaiago eta jai giroan gozatzeko aukera. "Zinema Beachen bidez esperientzia hori berrinterpretatu eta Baluartera ekartzen dugu, hondartza birtual batekin, tumbonekin, jolasarekin, janariarekin eta edariarekin, baita familia osoarentzako film ezagunekin ere. Aurten, gainera, abentura, animazioa, egile-zinemaren ukitua duten superheroiak, komedia klasikoa eta 80ko hamarkadako zientzia-fikzioa uztartzen dituen proposamena eskaintzen dugu".

Programazioa uztailaren 21ean hasiko da El jovencito Frankenstein (Young Frankenstein, 1974) filmarekin, Mel Brooksen komedia mitikoarekin. Mary Shelleyren unibertsoa parodiara eramanez, zuri-beltzean filmatutako lan honek Gene Wilder eta Marty Feldman ditu protagonista, eta komediaren klasiko handienetako bat da oraindik ere.

Bigarren saioa uztailaren 23an izango da, Batman (1989) filmarekin, Tim Burtonek superheroiaren inguruan egindako ikuspegi ilun eta gotikoarekin. Michael Keaton eta Jack Nicholson protagonista dituen film honek generoa berrasmatu zuen eta eragin handia izan du ordutik.

Uztailaren 28an Wall-E (2008) izango da ikusgai, Pixar-en lanik ospetsuenetako bat. Etorkizun batean kokatutako istorio honek robot txiki baten eta Eva-ren abenturen bidez gizateriaren, planetaren eta maitasunaren inguruko istorio hunkigarria eskaintzen du.

Zikloa uztailaren 30ean amaituko da Los cazafantasmas (Ghostbusters, 1984) filmarekin, komedia, zientzia-fikzioa eta fantasia uztartzen dituen 80ko hamarkadako klasiko dibertigarriarekin. Bill Murray buru duen aktore taldeak gaur egun ere mantentzen du filmaren umore eta espiritu berezia.

ZIKLOAREN BESTE XEHAZTASUN BATZUK

Saio bakoitzerako sarrerek 6 euroko prezioa dute etaBaluarteko leihatilan eta NICDOk La Morea merkataritza-gunean duen informazio- eta salmenta-puntuan salgai daude. Abonu osoak, lau filmetarako sarrerak barne, 20€-ko prezioa du; eta saio bererako lau tiketeko pack berezi bat dago, 20€-koa hori ere. Sarrerak eta abonamenduak online ere eros daitezke (kudeaketa-gastuak barne +0,95€), www.baluarte.com webgunearen bidez. Gainera, Sarrera Irisgarriak (MUPak eta PDSak) erosteko aukera dago.

Hondartzaren irekiera 20:00etan izango da eta emanaldiak 22:00etan hasiko dira. Saio bakoitzaren aurretik, publikoak ostalaritza zerbitzua, chill out gunea, boleibol pista eta Zinema Beach esperientzia osatzeko jarduerak izango ditu eskura. Gainera, azken udetan bezala, Zinema Beachera hondartza moduan joateak saria izango du. Hainbat promozio berezi egongo dira: hondartzako aulkiarekin udako zineaz gozatzera doazenek Frigoko izozki bat eramango dute opari gisa; hondartzako janzkerarekin datorren publikoak edaria lortuko du (garagardoa, ardoa edo freskagarria); eta saio bakoitzeko filmaren gaiarekin bat etorriz mozorrotzen direnek krispetak jasoko dituzte eta bi lagunentzako esperientzia esklusibo baten zozketan parte hartuko dute.