Hirugarren egunak ere jaialdiko lehen elkarrizketa eta Kriminologia Tailerraren lehen Saioa ekarriko du Baluartera, eta edizio honen hirugarren film beltza proiektatuko da
Pamplona Negra Jaialdiaren XI. edizioan proposatutako noirraren inguruko bidaia hirugarren egunera iritsiko da gaur Baluarten. Larunbatera arte eleberria eta zinema noirra, krimenak, suspensea eta intriga protagonista izando dituen programazioaren baitan, Kriminologia Tailerraren bi saioetako lehena estreinatuko du Maria Herrera abokatu penalistak Legearen alde honetan idatzi izenburupean. Tailer hau Pamplona Negraren eta Iruñeko Abokatuen Elkargoaren artean ezarritako lankidetza berriaren barruan kokatzen da (tokia geratzen da).
Gainera, eguneko hitzordu nabarmenetako bat programako hirugarren mahai-ingurua izango da, Lur hezigaitza, 17:00etan, sarrera librearekin (lekua bete arte). Topaketan Cristian Perfumo idazle argentinarrak eta Maribel Medina eta Jokin Azketa idazle iruindarrek hartuko dute parte. Eta 18:00etan, Ganbera Aretoak jaialdiko lehen elkarrizketa hartuko du, zehazki, Abir Mukherjee indiar jatorriko idazle britainiarrari; Mukherjeek bere eleberrietan India kolonialera bidaia proposatzen du Sam Wyndham kapitainaren eta Banerjee sarjentuaren eskutik. Juan Carlos Galindo El País egunkariko kultur kazetariak eta Elemental blogeko idazle eta koordinatzaileak elkarrizketatuko du.
Ondoren, 19:05ean, Pamplona Negrako El crimen a escena atalik ospetsuenaren hirugarren emanaldia izango da, Krimenaren eszenaren jokabide-analisia izenburupean. Andres Sotoca Plaza Guardia Zibileko komandante eta Psikologian doktorearen eskutik iritsiko da proposamena. Gaur egun Unitate Zentral Operatiboan (UCO) dago destinatuta, eta hiltzaile baten adimena krimenaren eszenan nola "irakurtzen" den irakatsiko dio publikoari. Sotocak FBIren Espainiako bulegoko arduraduna ordezkatuko du programazioan. Eta Baluarteko zinema beltzaren zikloaren programazioaren amaiera gisa, Gizon baten isiltasuna proiektatuko da, 1967an Jean-Pierre Melvillek zuzendutako film frantsesa, Alain Delon protagonista duena. Soldatapeko hiltzaile hermetiko eta hotz bati buruzko istorio hau, zinemazale askorentzat detektibe zinemaren film onenetako bat da, eta zinemaren historiako bat, oro har. Alberto Cañada Nafarroako Filmotekako arduradunak aurkeztuko duen emanaldia jatorrizko bertsioan izango da (gaztelaniazko azpitituluekin) eta Espainiako Institut Français-eren lankidetzari esker iritsiko da. Sarrerak 3 eurotan www.baluarte.com eta www.pamplonanegra.com web-orrietan, Baluarteko txarteldegian eta NICDOk La Morea merkataritza-gunean duen informazio eta salmenta-puntuan eskura daitezke.
GOIZEKO HITZORDU BIKOITZA
Nahiz eta Pamplona Negrako programazio gehiena arratsaldez egiten den, goizeko agendak ere hainbat hitzordu dakartza hirugarren jardunaldi honetan. Zehazki, Baluarten irakurzaletasuna sustatzeko saio bikoitza izango da gaur goizean (9:30 eta 11:30) Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikasleentzat, Mikel Santos "Belatz" ilustratzailearen (euskaraz) eta Laura Pérez de Larraya idazlearen (gaztelaniaz) eskutik. Hasiera batean, jarduera Iruñeko Planetarioan programatuta zegoen (jaialdiaren azken edizioetan bezala), baina Iruñeko auditoriumera lekualdatu da, joan den asteko sutearen ondorioz.