Erakusketa ekainaren 22ra arte egongo da ikusgai, artea, zientzia eta dibulgazioa konbinatzen ditu, eta unibertsoa ukipen, soinu eta ikusizko esperientzien bidez esploratzera gonbidatzen du
STROM - Astronomia Inklusiboa erakusketak ateak irekitzen ditu berriz ere, oraingoan Baluarteko Harresiaren Aretoan, eta bertan egongo da 2025eko ekainaren 22ra arte, Iruñeko Planetariotik igaro ondoren. Donostia International Physics Centerrek (DIPC) sortu zuen Passion for Knowledge jaialdiaren testuinguruan, eta STROM proposamen berritzailea da. Kosmosa esploratzera gonbidatzen du, zentzu anitzeko ibilbide irisgarri eta inklusibo baten bidez, ukimen-, soinu- eta ikus-entzunezko elementuak konbinatuz eta artea, zientzia eta dibulgazioa uztartzen dituen erakusketa honetaz erabat gozatzeko aukera emanez.
Erakusketa publiko guztiei irekia dago, eta bere helburu nagusia ezagutza zientifikorako sarbide unibertsala bermatzea da, oztopo fisiko eta sentsorialak kenduz eta unibertsoaren inguruko hezkuntza- eta emozio-esperientzia sustatuz. Erliebean dauden panelak ditu galaxien formak irakurtzeko, Unibertsoko soinuak eguzkiaren aktibitatea bezalako fenomenoak entzutea ahalbidetzen dutenak edo zulo beltz baten eraketa bezalako prozesu kosmikoen irudikapen bisual irisgarriak ibilbidearen parte dira.
Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU), Nazioarteko Astronomia Batasunaren, Magallanes Teleskopio Erraldoiaren, Medellingo Planetarioaren eta Txileko Diego Portales Unibertsitatearen arteko enazioarteko lankidetzatik abiatzen da, DIPCren koordinaziopean.
BISITAK ETA SARBIDEA
Erakusketa ostiraletan 17:00etatik 20:00etara bisita daiteke, eta larunbat eta igandeetan goizez (11:00etatik 14:00etara) zein arratsaldez (17:00etatik 20:00etara). Gainera, astelehenetik ostiralera, goizeko ordutegian (10:00etatik 14:00etara) eskola bisitak eta antolatutako taldeak egongo dira, aldez aurretik erreserbatuta.
Aste Santuan, apirilaren 17tik 21era, erakusketa itxita egongo da, baina Pazko Astean ateak berriro irekiko dira, apirilaren 22tik 27ra, eta aste osoan bisitatu ahal izango da 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Sarrera doakoa da, gonbidapenak aldez aurretik eskuratuz, bai Baluarteko leihatilan, bai bere webgunean. Gainera, bisita gidatuetan parte hartzeko aukera eskaintzen da, 3 euroren truke. Irisgarritasun-zailtasunak dituzten pertsonek doan dute bisita gidatua.