Baluarte Fundazioaren programak identitatearen eraikuntza, ikusezintasun soziala, etxe seguru baten garrantzia, bizitzaren ospakizuna eta adiskidetasunaren balioa jorratuko ditu. Sarrerak eta abonamenduak salgai daude jada
Baluarte Fundazioak Baluarte Txiki 2026-2027 programazioa aurkeztu du. Guztira, sei ikuskizun eta zortzi emanaldi eskainiko dira Baluarteko Ganbera Aretoan azaroa eta apirila artean. Únicos, Anónima, Nallar, Carnaval de la vida, Molto Barroco eta Funamviolistas Sinfónico ikuskizunek osatzen dute denboraldia; dantza, zirkua, antzerkia eta musika uztartzen ditu, haur eta familia-ikusleentzako proposamenekin. Hezkuntza eta Gizarte Programaren barruan kokatutako zikloak hainbat gai jorratuko ditu, hala nola identitatearen eraikuntza, ikusezintasun soziala, etxe seguru baten garrantzia, bizitzaren ospakizuna eta adiskidetasunaren balioa.
Banakako sarrerek 10 € balio dute, eta dagoeneko salgai daude Baluarteko leihatilan eta NICDOk La Morea merkataritza gunean duen informazio- eta salmenta-puntuan, bai eta 948 229 217 eta 948 066 066 telefonoetan ere. Horrez gain, Txiki Abonua Nahieran (aukeratu beharreko 4 ikuskizunetarako) eskuragarri dago 30 €-an; eta 4 Txiki Abonuko Sorta Nahieran (4 sarrera aukeratu beharreko 4 ikuskizun beberetarako), 104 €-an. Era berean, Sarrera Irisgarriak (MUPak eta PDSak) erosteko aukera dago. Online eskuratutako sarrerek 0,95 €-ko gainordaina izango dute.
SEI PROPOSAMENAK
Zikloa azaroaren 21ean hasiko da, 17:00etan, Únicos ikuskizunarekin, DA.TE Danza konpainiaren eskutik. Emanaldi horrek Dantza Ikuskizun Onenaren FETEN 2026 Saria jaso du. 3 urtetik gorako haurrentzat pentsatutako 43 minutuko pieza honek ez du testurik, eta Alexander Calderren eskultura mugikorretan inspiratzen da, haurtzarotik identitatea nola eraikitzen den aztertzeko. Oreka, mugikortasuna eta hauskortasuna hazkundearen metafora bihurtzen dira, norbere burua ezagutzea, enpatia, beldurrak eta autoestimua ardatz dituen proposamen honetan.
Abenduaren 19an, 17:00etan, Anónima ikuskizuna iritsiko da, Vaivén Circo konpainiaren eskutik. 5 urtetik gorakoentzat gomendatutako zirku, dantza eta antzerki fisikoko proposamena da. Hiru interpretek eguneroko kaosari aurre egiten diote umorez, sentikortasunez eta mugimenduaren bidez, ikusezin bihurtu eta entzuten ez diren pertsonentzako omenaldi honetan. Testurik gabeko 50 minutuko ikuskizunak itxaropenaz, erabakitzeko gaitasunaz eta partekatutako erresilientziaz hausnartzera gonbidatzen du.
2027ko urtarrilaren 9an, Nallar ikuskizunak bi emanaldi eskainiko ditu, 17:00etan eta 18:30ean. Inspira Teatreren proposamen hau 2 eta 5 urte bitarteko haurrentzat da, eta Lehen Haurtzarorako Ikuskizun Onenaren FETEN 2026 Saria jaso du. 35 minutuko eta testurik gabeko ikuskizunean, artilea eraldatzeko prozesuak, ardietatik hasi eta manta bihurtu arte, babesa eta zaintza ditu metafora.
Carnaval de la vida ikuskizunak hartuko du lekukoa otsailaren 20an, 17:00etan. Canti Vaganti konpainia italiar-herbeheretarraren proposamena da; gaztelaniazko 60 minutuko musika-antzerkia, 4 urtetik gorakoentzat gomendatua. Bikote adindu baten istorioa kontatzen du: gaztetu eta haurtxo bihurtzen da bikotea. Zuzeneko musika, keinu-antzerkia, objektuak, mozorroak eta ikusleen parte-hartzea uztartzen dira bizitzaren etapa desberdinen ospakizun honetan.
Martxoaren 20an, 17:00etan, Píscore Teatrek Molto Barroco aurkeztuko du, 5 urtetik gorakoentzat pentsatutako gaztelaniazko musika, antzerkia eta umorea uztartzen dituen proposamena. Errege-dantzaldi baterako konposizio bat sortzeko enkarguak eszena komikoak, musika-jolasak, dantzak eta malabareak eragingo ditu, gortean kokatutako nahasmen-istorio batekin batera. 60 minutuko lanak konposizio barrokoak botere-egiturei buruzko begirada umoretsu batekin lotzen ditu, iraganaren eta gaurkotasunaren arteko zubi bat sortuz.
Denboraldia apirilaren 10ean amaituko da, Funamviolistas Sinfónico ikuskizunarekin. Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren eta The Funamviolistas taldearen arteko lankidetza da, eta bi emanaldi eskainiko ditu, 17:00etan eta 18:30ean. Bizitza musikari eskaini dioten hiru emakumek lana galtzen dute eta kalean jotzen hasten dira. Bide berri horretan, adiskidetasunaren balioa eta zailtasunak elkarrekin gainditzeko gaitasuna aurkituko dituzte. Testurik gabeko antzerki eta musika ikuskizun honek 55 minutu irauten du eta 4 urtetik gorakoentzat gomendatuta dago.