110 artisten partaidetzarekin, emanaldiak xiberotar dantza tradizionalak, sorkuntzak, antzerkia, bertsoak eta abestiak elkartuko ditu. Sarrerak ohiko kanaletan eskura daitezke
Baluarteko Areto Nagusiak Aitzina Biga ikuskizuna hartuko du heldu den maiatzaren 31n, arratsaldeko 19:00etan, xiberotar dantza tradizionalak, sorkuntzak, antzerkia, bertsoak eta abestiak ekarriko dituena. Emanaldiak 110 artista bilduko ditu oholtza gainean, dantzari, kantari, antzezle, musikari eta bertsolarien artean. Sarrerak 20 eurotan ohiko kanaletan eskura daitezke: www.baluarte.com webgunean, Baluarteko txarteldegian eta NICDOk La Morea merkataritza-gunean duen informazio- eta salmenta-puntuan.
Ikuskizun hau Zuberoako Aitzindariak konpainiak sortu du, 1990ean eskualde honetan euskal kultura eta hizkuntza sustatzeko sortu zen elkarteak. Zuberoak, euskal probintziarik txikienak, oso ondare kultural aberatsa du Euskal Herri osoan, eta bereziki ezagunak dira bertako dantzak, abestiak eta herri-antzezpenak.
Aitzina Biga ikuskizunak hiru zati izango ditu: lehena Xiberoko herrien arteko lehiaz edo erronkaz arituko da, eta bigarren irakurketa gisa, munduko herrialdeen arteko lehiari buruzkoa; bigarren zatian zuberotar dantzaren transmisioa erakusten da, dantzariek, aktoreek eta abeslariek Xiberoan dantzaren transmisioaren une ezberdinak erakutsiko dituztelarik; eta hirugarrenak eta azkenak elkartasuna eta berrelkartzea irudikatuko ditu Xiberoan eta Hegoaldearekin antzerkiaren, dantzaren eta kantuaren bidez. Ikuskizunari amaiera emateko, azken abesti bat joko da. Pastoralak oroituz, artista guztiek elkarrekin abestuko dute. Zalantzarik gabe, amaiera izugarri ederra izango da.