Baluartek Aitzina Biga xiberotar ikuskizuna hartuko du. Xiberoako dantza tradizionalen, sorkuntzen, antzerkiaren, bertsoen eta abestien emanaldi honek 107 partaide bilduko ditu (52 dantzari, 29 kantari, 9 aktore, 2 bertsolari eta 15 musikari) eta hiru zatitan banatuko da:
- Lehen parteak, herrien arteko desafioak izanen ditu gaitzat, eta bigarren irakurketa batean munduko erresumen arteko lehiak. Egia da xiberotar dantza lehiaketa mota bat dela. Herri desberdinetako dantzari bakoitzak besteak baino hobea izan behar du. Maskaradetan adibidez, barrikada denboretan, herri batek bestea arrebiaten duelarik, arizale bakoitzaren parean, besteak baino hobea izan behar du. Atal horren aurkezteko, ikusgarrian, antzerki momentu bat agerian ezarria izanen da. Horrek irria eta alaitasuna ekarriko dizkio ikusgarriari. Bi kantuk bi gaiak aipatuko dituzte momentu ozen eta eder batean. Zati honetan, hiru dantza tradizional izanen dira, horiek sinbolikoki herri bakoitzaren harrotasuna erakusten baitute.
- Bigarren parteak, xiberotar dantzaren transmisioa erakutsiko du. Parte honetan, dantzari, antzerkilari eta kantariek xiberotar dantzaren transmisioak ukan dituen gorabeherak aurkeztuko dituzte. Zati hau antzerki momentu batekin hasiko da, gaia manera umoristiko batera itzultzeko. Ondotik, kantuak eta dantza tartekatuko dira. Momentu azkar bat izanen da, dantzari guziek makila batekin dantzatuko baitute, honek transmisioa sinbolizatuko duelarik.
- Hirugarren eta azken atalak, elkartasuna eta elgarretaratzea aurkeztuko ditu Xiberoan baita Hegoaldean ere. Parte honen helburua, ikusgarriari ondorio baten ekartzea izanen da, betiere antzerkia, dantza eta kantua tartekatuz. Dantzaren aldetik, dantzari guziek elkarrekin emandako sorkuntza ikusgarria izanen da, bukaeran 52 dantzariak eszena gainean izanen baitira. Zati honek erakutsiko du denak batuz gauza politak egiten ahal direla. Jaiari bukaera emateko azken kantu bat eskainiko dute artista guztiek elkarrekin, pastoral baten antzera.