Proiektu hau Berritzako dantzarien eta Eneko Gil dantzari eta koreografoaren arteko topaketa bat da. Bi unibertso koreografikoren eta dantzarekiko bi begiraden arteko elkargune bat. Dantzarik tradizionalena eta ikuspegi garaikideago baten arteko jolasa. 2024ko urrian, Maulen lehenengo aldiz taularatua izan da.
Dikotomizatutako mundu batean dikotomizatutako erritual batek biziraun du. XVI. mendetik xiberotarrek bizirik mantentzeko indarrari esker iritsi zaigu Xiberoko Maskarada. Egungo gizartearekin inolako antzik ez du, baina aldi berean, egungo gizartearen zuzeneko islada izan daiteke. Bi mundu, bi unibertso: garbia ala zikina, bertakoa ala kanpotarra, ordena ala anabasa, gorriak ala beltzak, ongia eta gaizkia, hegoa eta iparra, heriotza eta bizitza.
Zibilizazio eta basakeria aurrez aurre jartzea ez da kontu berria. Maskaradak planteatzen duen mundu zibilizatua eta basatia izango da ikuskizunaren abiapuntua eta Maskaradako lengoai ezberdinak erabiliko dira 11 xiberotar gazteren kezkak, desirak, maitasunak transmititzeko, maskara jantzi eta kentzearen arteko joan-etorrian.
Xiberoko herrietako kale eta plazek mendeetan zehar bizitako dantza, kantu eta antzerki sinbolikoen alageraren arima izango da abiapuntua, maskaradaren berrirakurketa eta berrinterpretazio-ariketa bat taularatzeko. Maskaradako koreografiak, antzerkiak, kantuak, estetika eta egitura aitzakia besterik ez dira izango xiberutar ondare ez materialetatik abiatu eta oroitzapen-erritu ludiko baterantz bidaiatzeko.
Maskaradako pertsonaia konkretuak zehaztugabetuko dira, baita bertako dikotomia eta bi unibertsoak ere, ongia eta gaizkiaren arteko distantzia lanbrotzeko. Oposizioan jarritako bi unibertsoren elkarbizitzaren hausnarketatik espazio oniriko baterako bidaia planteatuko du ikuskizunak.
Lurralde ezezagun baten ezagutzan
Aztoratzen gaituena baretzeko asmoz
Iragana iraganean gera dadin
Lurra ez dadin hil
Airea mugi dadin
Alagera, libertatia, edertasuna