Gu gara:

NICDO Gobierno de Navarra

Sare profesionalak:

APCE La Red Española
27/03/2026

Apirilaren 20tik 25era ospatuko den XX. Punto de Vista Jaialdirako sarrerak salgai daude jada

Baluarten, bere egoitza nagusian, film proiekzioak, solasaldiak zinemagileekin, tailerrak, hitzaldiak eta familientzako zinema saioak egongo dira

  • Punto de Vista
  • Festival cine documental
  • evento Baluarte


Iruñean apirilaren 20tik 25era egingo den Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiak salgai jarri ditu aurtengo edizioko emanaldi guztietarako sarrerak. Zehazki, 3 eurotan daude salgai Baluarteko txarteldegian eta NICDOren informazio- eta salmenta-gunean, La Morea merkataritza-gunean. Gainera, online ere eskuragarri daude, 3,95 eurotan (kudeaketa-gastuak barne).

Sei egunez, Punto de Vista izango da beste behin nazioarteko ikus-entzunezko komunitatearen epizentroa. Jaialdia egin ohi den hiriko areto eta eraikinetan (Baluarte, Golem Zinemak, Oteiza Museoa, Nafarroako Unibertsitatearen Museoa, NUP, Nafarroako Filmoteka edo Civivox Sarea), era askotako jarduerak izango dira: film proiekzioak, solasaldiak zinemagileekin, tailerrak, hitzaldiak edo familientzako zinema saioak.

Beste urtebetez, hainbat ibilbide proposatzen ditu Punto de Vistak,  jaialdiaren sailak zeharkatu eta publikoari ibilbide tematikoak proposatzen dizkiotenak: «Zatoz Punto de Vista jaialdira», jaialdia deskubritzeko gonbidapena; «Lurra», bertako ahots eta kontakizunetan oinarritua; «Gure gorputzak», identitateei eta eraldaketan dauden gorputzei buruzkoa; «Hartzen gaituen planeta», planetaren ingurumen krisia; «Mugak saihestu(ezin)», migrazioen eta igarobidean dauden bizitzen inguruan; eta «Bizitza trazuak», kontakizun eta oroitzapen intimoei eskainia.

Bestetik, aurten ere, kontziliazioaren aldeko apustua egingo du jaialdiak: Punto de Vistako Ludoteka: Puxika Gorria. Beraz, ikusle guztiek —akreditatuek nahiz akreditatu gabeek— sei hilabetetik hamabi urtera arteko haurrak non utzi izango dute jaialdiak iraungo duen egun guztietan. Dagoeneko plazak erreserba daitezke, webean.

JAIALDIAREN SEI SAIL NAGUSIAK

Aurtengo edizioaren programazioak sei atal nagusi izango ditu. Sail Ofizialean emango dira hemeretzi pelikula —zazpi film luze, film ertain bat eta hamaika film labur—, Amerikan, Asian, Europan eta Afrikan eginikoak. Munduko lau estreinaldi, nazioarteko estreinaldi bat eta Estatuko hamalau estreinaldi arituko dira lehian, jaialdiaren sarietako baten bila: Film Onenaren Punto de Vista Sari Nagusia, Zuzendari Onenaren Jean Vigo Saria, Film Labur Onenaren Saria, eta Ikusleen eta Gazteen Film Onenaren Sari Bereziak.

Fokua sailak hiru programa izango ditu, egungo zinemagintzaren bide urratzaileenetan aratzeko: Eulien artean, esplorazio dokumentalarekin lotutako bide urratzaile eta berritzaileenei buruzkoa, Sensory Ethnography Lab-ekin lotura dutenak; Iragankortasunaren iraunkortasuna, Interneteko artxiboaren birmuntaketa artistikoari buruzkoa; eta Alia Syed zinemagilearen lanean oinarritutako programa.

Ricercata saila sortu da hizkuntza zinematografikoaren esperimentazioan sakontazeko, hainbat programaren bidez: Forever Young: Zinema erliebean, ibilbide bat 3D zinema esperimentalean barrena; Zinema Amankomunean, sortzeko praktika kolektiboei buruzkoa; Termitak, gure inguruko zinemagileei eta haien lan prozesuei eskainia; eta El azul de la distancia zinema instalazioa, María Hidalgo Nietoren eskutik.

X Films proiektuari dagokionez, Nayra Sanz zinemagileak parte hartuko du. Uharte Zentroan egin duen egonaldiaren emaitzak aurkezteaz gain, jaialdiaren hurrengo edizioan estreinatuko duen proiektuaren aurrerapen bat eskainiko du. Gainera, Gaulana ere estreinatuko da, Pablo Casanuevak 2025. eta 2026. urteetan ondutako proiektua.

Gazteei eskainitako Txinparta sailak jarraituko du jaialdia belaunaldi berrietara hurbiltzen, hainbat jardueraren bidez: familientzako saio bat, tailerrak, bigarren hezkuntzako ikasleentzako proiekzioak, jarduerak NUn eta NUPen, eta «Gazte programatzaileak» egitasmoaren edizio berri bat.

Azkenik, Lan izango da berriro ere gogoeta eta eztabaida gune, zinemaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko solasaldi eta topaketekin. Aurtengo proposamenen artean nabarmentzekoak dira jaialdiaren zuzendari artistiko ohi batzuekin —Josetxo Cerdán, Oskar Alegría eta Manuel Asín— antolatutako solasaldia, Elsa Fernández-Santosen moderatzaile lanarekin, Mirentxu Loyarte (1938-2025) zinemagileari eskainitako konferentzia ilustratua, eta Napardocs eta DokLab topaketa profesionalak.