Delyana Lazarovaren zuzendaritzapean, egitarauak Caroline Shaw, Glière eta Mendelssohnen lanak ekarriko ditu. Azken sarrerak salgai daude
Nafarroako Orkestra Sinfonikoak (NOS) 25-26 Denboraldiko 8. Kontzertua eskainiko du Baluarten, martxoaren 12an (19:30ean), gonbidatu berezi batekin: Xavier de Maistre, gaur egungo harpa-jotzaile nabarmenetakoa. Bakarlari frantziarrak Reinhold Glièreren Harparako kontzertua Mi bemol Maiorrean, op.74 interpretatuko du; lehenago, Delyana Lazarova bulgariar zuzendariaren batutapean, NOSk Caroline Shawren Entr'acte joko du; eta Felix Mendelssohnen 4. Sinfonia La Maiorrean, op. 90 “Italiana” obrarekin itxiko du programa.
Gardetasunak izeneko programa honetarako sarrerak www.baluarte.com webgunean, Baluarteko leihatiletan eta NICDOk La Morea merkataritza-gunean duen informazio- eta salmenta-puntuan eros daitezke, baita Baluarte Fundazioaren bulegoan eta webgunean ere.