1. Abonu kontzertuan Jone Martínez, Ana Vieira Leite, Rodrigo Carreto eta Ferrán Albrich bakarlariek parte hartuko dute, Perry So zuzendariaren batutapean. Sarrerak salgai daude
Nafarroako Orkestra Sinfonikoak 26-27 Denboraldiari hasiera emango dio Baluarteko Areto Nagusian datorren urriaren 15ean, arratsaldeko 19:30ean, Mozarten Meza Handia do minorrean lanarekin. Perry So zuzendariaren batutapean interpretatuko du obra, Iruñeko Orfeoiaren partaidetzarekin eta Jone Martínez, Ana Vieira Leite, Rodrigo Carreto eta Ferrán Albrich bakarlariekin batera.
Argi propioarekin izeneko lehen abonamendu-kontzertua Juan Crisóstomo Arriagaren Re maiorreko Sinfoniarekin hasiko da. 1824an Parisen egon zen garaian konposatua, hemezortzi urte besterik ez zituen egile baten konposizio-heldutasun nabarmena erakusten du; «Espainiako Mozart» ezizenez ezagutzen zen Arriaga. Gai orekatuen eta soinu finduen bidez, lanak hainbat emozio zeharkatzen ditu: lasaitasuna eta nolabaiteko malenkonia, energia dramatikoa eta gaztetasunaren oldarra.
Mozarten Meza Handia do minorrean osatu gabe estreinatu zen 1783ko urrian, aurreko partituretako zatiekin osatutako bertsio batean. NOSk eskainiko duen bertsioa Ulrich Leisingerrek berrikusi eta editatu du; Salzburgoko Mozarteum Fundazioko ikerketa-zuzendaria da. Lan honekin, Mozart Colloredok eskatzen zion musika erlijiosoaren zentzu tradizionaletik aldendu zen, eta Italiako operaren eragin zuzena jaso zuen. Constanza emazteari eskainia, lanak dramatismoa eta adierazkortasuna, orkestra-kolore distiratsua, birtuosismo handiko bakarlari-zatiak eta konplexutasun izugarriko koru-pasarteak eskaintzen ditu.
Sarrerak www.baluarte.com webgunean, Baluarteko leihatiletan eta NICDOk La Morea merkataritza-gunean duen informazio- eta salmenta-puntuan eros daitezke, baita Baluarte Fundazioaren bulegoan eta webgunean ere. Gainera, Sarrera Irisgarriak (MUPak eta PDSak) erosteko aukera dago. Online erositako sarrerei 0,95 €gehitu beharko zaizkie kudeaketa-gastu gisa.