Gu gara:

NICDO Gobierno de Navarra

Sare profesionalak:

APCE La Red Española
02/10/2026

Iruñeko Orfeoia eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoa elkarrekin bi kontzertu eskainiko dituzte Baluarten

Agertokia partekatuko dute Maitasun Eskaintza - Mozarten Meza Handia lanean, urriaren 16an, eta Beethovenen Bederatzigarren Sinfoniaren interpretazioan, ekainaren 11n. Sarrerak ohiko salmenta-kanaletan eskura daitezke

  • OSN
  • Orfeón Pamplonés
  • concierto Baluarte


Iruñeko Orfeoia eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoa berriro elkartuko dira Baluarten eskainiko diren bi hitzordu nagusitan. Zehazki, bi taldeek errepertorio sinfoniko-koraleko funtsezko bi obra interpretatuko dituzte elkarrekin, Perry So maisuaren zuzendaritzapean: Wolfgang Amadeus Mozarten Do minorreko Meza Handia, datorren urriaren 16an, eta Ludwig van Beethovenen 9. Sinfonia, 2027ko ekainaren 11n.

Lehen hitzordua urriaren 16an arratsaldeko 19:30ean izango da Areto Nagusian, Maitasun Eskaintza - Mozarten Meza Handiarekin. Egitaraua Juan Crisóstomo de Arriagaren Sinfonia Re-n lanarekin hasiko da —«Mozart espainiarra» ezizenez ezaguna—, eta Mozarten Meza Handia Do minorrean lanarekin jarraituko du, Salzburgoko konpositorearen obra sakratu handietako batekin. 1782 eta 1783 artean sortua, obra nabarmentzen da bere intentsitate dramatikoagatik, adierazkortasun aberatsagatik, orkestra-kolore distiratsuagatik, bakarlarien zatien birtuosismoagatik eta pasarte koralen konplexutasunagatik. Iruñeko Orfeoia eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin batera, Jone Martínez eta Ana Vieira Leite sopranoek, Rodrigo Carreto tenorrak eta Ferrán Albrich baxuak parte hartuko dute.

2027ko ekainaren 11n, 19:30ean, Ludwig van Beethovenen 9. Sinfonia re minorrean, op. 125 «Korala» lanaren txanda izango da. Musikaren historiako maisulanetako bat da, eta Bederatzigarren Sinfoniak musika eta testua uztartzen ditu sakontasun handiko mezu humanista batean. Bere laugarren mugimendu ospetsua, korua eta lau bakarlariak barne hartzen dituena, obraren elementurik ezagunenetako bat da. Obra honetan Mar Morán sopranoak, Nerea Berraondo kontraltoak, Juan Sancho tenorrak eta Jan Antem baxuak parte hartuko dute, Iruñeko Orfeoia eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin batera, Perry So maisuaren zuzendaritzapean.

Bi kontzertuetarako sarrerak www.baluarte.com webgunean, Baluarteko txartel-leihatilan eta NICDOk La Morea merkataritza-gunean duen informazio eta salmenta-putuan eskura daitezke, baita Baluarte Fundazioaren bulegoan eta webgunean ere. Gainera, Sarrera Irisgarriak erosteko aukera dago (MUPak eta PDSak). Online erositako sarrerek 0,95 €-ko gainordaina izango dute.