Gu gara:

NICDO Gobierno de Navarra

Sare profesionalak:

APCE La Red Española
19/09/2026

MUAK jaialdiak Miguel Noguera umoristaren ‘Ultrashow’ ikuskizuna hartuko du bihar

80 minutuko emanaldiak bakarrizketa, hitzaldia eta antzerki-lana uztartzen ditu, ideia eta irudien segida baten bidez. Sarrerak ohiko salmenta-kanalen bidez eros daitezke

  • MUAK 2026
  • festival comedia
  • humor Baluarte


Miguel Noguera umorista kanariarra Baluarteko Ganbera Aretora iritsiko da Ultrashow ikuskizunarekin bihar, arratsaldeko 20:00etan, MUAK – Urteko Komedia Erakustaldiaren lehen asteburuari amaiera emanez. Bertan, artistak eguneroko ohar eta marrazkietan jasotzen dituen ideia eta irudi mentalen aukeraketa bat partekatzen du.

Jaialdiaren zazpigarren proposamen honetarako sarrerek 18 euroko prezioa dute eta Baluarteko txarteldegian eta NICDOk La Morea merkataritza-gunean duen informazio eta salmenta-putuan eskura daitezke. Online ere eskuragarri daude, www.baluarte.com webgunearen bidez, 20,5 euroren truke (kudeaketa-gastuak barne). Gainera, Sarrera Irisgarriak (MUPak eta PDSak) erosteko aukera dago.

80 minutu inguruan, Noguerak 20 eta 30 ideia artean garatzen ditu, bata bestearen atzetik eta ordena zehatzik gabe. Ikuskizun komikoa bada ere, bakarrizketa osatzen duten ideiek ez dute zertan komikoak izan. Diskurtsoak tonu sutsuko uneak eta beste une kolokialago eta lotsagabeago batzuk uztartzen ditu, eta inprobisaziorako zein emanaldian zehar sortzen diren ustekabeko digresioetarako tartea uzten du. Ideia batzuk garatzeko, artistak pantaila batean proiektatutako irudiak erabiltzen ditu, hala nola berezko marrazkiak, Interneten aurkitutako irudiak eta telefono mugikorrarekin ateratako argazkiak. Horrela, Ultrashow hitza eta irudia uztartzen dituen proposamena da, bakarrizketaren, hitzaldiaren eta antzerki-lanaren arteko bidean kokatzen dena.

Noguerak garatu nahi dituen ideien izenburuak apuntatuta baditu ere, eta horietako batzuk zenbait hilabetez errepika ditzakeen arren, emanaldi bakoitzak pasarte inprobisatuak eta alda daitezkeen edukiak ditu. Ideiak garatzen ari denean, bigarren diapositiba-pase batek eten egiten du emanaldia; batez ere, elkarren artean loturarik ez duten marrazkiek osatzen dute pase hori. Ondoren, emanaldiari amaiera ematen dion agur-testuaren irakurketara iristen da.