Juan Sanguino kazetariak bere podcasta zuzenean eskainiko du irailaren 27an, igandea, 12:30ean, Ganbera Aretoan. Sarrerak salgai daude dagoeneko
MUAK 2026 – Urteko Komedia Erakustaldiak ikuskizun berri bat programatu du irailaren 17tik 27ra Baluarten eskainiko duen egitarauan. Zehazki, jaialdiaren azken jardunaldian, irailaren 27an, Delirios de España ikuskizuna izango da Ganbera Aretoan eguerdiko 12:30ean; Podium Podcasten arrakasta handiko formatua, bertan Juan Sanguino kazetariak azken hamarkadetan Espainiak izan duen bilakaera herri-kulturaren ikuspegitik aztertzen duena.
Proposamen honetarako sarrerek 20 euroko prezioa dute eta Baluarteko txarteldegian eta NICDOk La Morea merkataritza-gunean duen informazio eta salmenta-putuan eskura daitezke jada. Online ere eskuragarri daude, www.baluarte.com webgunearen bidez, 22,5 euroren truke (kudeaketa-gastuak barne). Gainera, Sarrera Irisgarriak (MUPak eta PDSak) erosteko aukera dago.
Delirios de España ikuskizunak gure herrialdeko pop kulturaren une handietako bat ekarriko du gogora Iruñeko auditorioan: Chenoak txandal jantzita prentsarekin hitz egin zuenekoa, David Bisbalengandik banandu ostean. 2005eko apirilaren 1ean, Chenoa bere etxeko atarira jaitsi zen kazetariak artatzera. Makillajerik gabe, txandal jantzita eta begiak puztuta zituen emakume ospetsu haren irudia biral bihurtu zen, sare sozialak existitu ere egiten ez ziren urte batzuk lehenago.
Gaur egun, «Chenoa txandalean» irudia azken 20 urteetan Espainiak izan duen ibilbide soziokulturala aztertzeko fabula gisa erabiltzen da: 2000ko hamarkadaren hasieran, aurre egitera ausartzen ziren emakumeen aurkako aurreiritzietatik hasi eta 2010eko hamarkadaren amaieran gure matxismoa bera berrikusi eta birbaloratzera. «Estatu Batuetan, berrikuspen feministaren ikurra Britneyk burua moztuta izatea izan zen. Hemen, Chenoa txandalean dugu. Espainian beti izan baikara etxean bezala ibiltzekoak... Batzuetan, hitzez hitz», azaldu du Sanguinok.