Uztailaren 17tik abuztuaren 2ra bitartean egingo den Jaialdiaren edizio berri honetan antzerkia, dantza, zirkua, clowna, musika eta performancea uztartuko dira. Txartelak online edo aurrez aurre Baluarteko eta La Moreako leihatiletan eskuratu ahalko dira
Uztailaren 17tik abuztuaren 2ra bitartean egingo den Erriberriko Antzerki Jaialdiaren hogeita zazpigarren edizioaren egitaraua osatzen duten ikuskizunetako sarreren salmenta bihar hasiko da, maiatzaren 29an. Sarrerak www.festivalteatroolite.com, www.baluarte.com eta www.fundaciónbaluarte.com webguneetan eros daitezke. Aurrez-aurre Baluarteko leihatilan erosi ahal izango dira, maiatzaren 29tik uztailaren 5era, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, astelehenetik larunbatera. Uztailaren 6tik 15ra, biak barne, txarteldegia 20:00etatik 23:00etara egongo da zabalik, eta uztailaren 16tik abuztuaren 2ra, 11:00etatik 14:00etara, astelehenetik larunbatera. Gainera, La Morean dagoen salmenta-gunean ere sarrerak eskuratu ahalko dira, 9:30etik 21:30era etenik gabe (igandeetan izan ezik).
Erriberriko 27. Antzerki Jaialdiaren diziplina anitzeko programazioan antzerkia, dantza, zirkua, clowna, magia, musika eta performancea uztartzen dira. Aurten ere Erriberri arte eszenikoen topagune bihurtuko da, Nafarroako, Estatuko eta nazioarteko konpainien presentziarekin eta Tafalla, Beire, Pitillas eta San Martin de Unxera ere zabalduko den programazioarekin.
Guztira, Nafarroako Gobernuak eta Baluarte Fundazioak antolatutako jaialdiak 31 emanaldi eszeniko eta musikal eskainiko ditu, 27 konpainia eta artistaren eskutik, baita bi sormen-egoitza, hainbat prestakuntza-tailer eta publikoari irekitako topaketak ere. Programazioak ondare- eta eszena-espazioetako ikuskizunak kaleko proposamenekin eta sorkuntzarako bitartekotza-, prestakuntza- eta laguntza-jarduerekin uztartzearen aldeko apustuari eusten dio. Erriberriko 2026ko Jaialdiaren egitarauak memoriarekin, identitatearekin, nerabezaroarekin, prekarietatearekin, irudimenarekin, gorputzarekin, komunitatearekin eta munduarekiko harreman-modu garaikideekin hitz egiten duten proposamenak biltzen ditu.