Abeslariak Me voy a permitir disko berria aurkeztuko du Areto Nagusian eta sarrerak salgai daude dagoeneko
Luz Casal abenduaren 26an iritsiko da Baluartera, bere disko berria den Me voy a permitir aurkeztera, eta kontzertua 20:00etan izango da, Areto Nagusian. Sarrerak 55, 65 eta 75 eurotan salgai daude jada, Baluarteko txarteldegian eta NICDOk La Morea merkataritza-gunean duen informazio- eta salmenta-puntuan. Online ere eros daitezke, www.baluarte.com webgunean, 58, 68 eta 78 eurotan (kudeaketa-gastuak barne). Gainera, Sarrera Irisgarriak (PMR eta PDS) erosteko aukera ere badago.
Me voy a permitir Luz Casalen ibilbideko lan eklektikoena eta sailkaezinena da. Artistak hamar aurpegi erakusteko antojuari ematen dio bide disko honetan, hamar abestien adina: hamar jarrera, hamar begirada eta mundua ulertzeko hamar modu. Dena frogatu beharrik ez duenaren askatasunarekin, chanson frantsesaren, Latinoamerikako kantutegiaren, egunerokoaren kronikaren eta bere nortasun artistikoaren parte den rockaren artean mugitzen da.
Ikuskizun berria iraganaren eta etorkizunaren arteko zubi gisa aurkezten da, eta Luz Casal konpositore intuitibo eta talentudunaren zein interprete apartaren izaera bikoitza agerian uzten du; izan ere, abestiak kantatzeaz gain, haietan bizitzeko gai da, bereak nahiz beste egile batzuenak izan. Espainiako musikako ahots pertsonal eta ezagunenetako baten jabe, indarra eta sentiberatasuna uztartzen dituen errepertorioa eskaintzen du berriro, estilo ezberdinetan barrena ibiltzeko duen gaitasunari uko egin gabe eta betiere bere nortasun propioari eutsiz.