Baluarte está integrado en la sociedad pública de Gobierno de Navarra, NICDO "Navarra Impulsa Cultura, Deporte y Ocio"

NICDO
30/07/2025

Jaso Ikastolak 'ITZALPEAN' musikala ekarriko du Baluartera urriaren 9an

Eskolako hamahirugarren musikalak 'fake news'-ak salatu ditu eta orkestra propio baten zuzeneko musika izango du. Sarrerak salgai daude jada

  • Jaso Musikala
  • espectáculo Baluarte


Heldu den urriaren 9an, Jaso Ikastolak ITZALPEAN musikala Baluarteko Areto Nagusian taularatuko du, arratsaldeko 18:00etan. Ikastolak abiarazi duen hamahirugarren ikuskizun honek, bere taldearen hezkuntza-, hizkuntza- eta arte-gaitasunak jokoan jartzeaz gain, musikal honetan kazetari talde batek fake news-ak salatzen ditu eta komunikazio-agentzia bateko zuzendariak hedatzera behartzen dituen informazio lerratu eta sentsazionalisten aurka oldartzen da. Eta aurreko urtean bezala, proposamenak zuzeneko musika izango du, iaz sortutako orkestra propio batek interpretatua, ikasle ohiek, irakasleek, senideek eta laguntzaileek osatua.

Sarrerak 15 eurotan www.baluarte.com webgunean, Baluarteko txarteldegian eta NICDOk La Morea merkataritza-gunean duen informazio- eta salmenta-puntuan eskura daitezke.

Ikastetxeko ikuskizun berri hau STEAM metodologian (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika) oinarritutako sormen, ekintzailetza, lan kooperatibo eta autogestioko hezkuntza-programa baten emaitza da. Horren alde egin du Iruñeko ikastola honek, eta urtero garatzen dute ikasleek ikasturte osoan. Proiektu honetan 12 eta 15 urte bitarteko DBHko berrogeita bat ikaslek hartzen dute parte, ikastetxeko irakasleek, gurasoek eta boluntariotza-lanak lagunduta, Imanol Janices eta Irantzu Zabalza irakasleen zuzendaritzapean. Gainera, musikalaren edizio honetan Lehen Hezkuntzako hainbat ikaslek parte hartzen dute.

ITZALPEAN musikalak honako historia oholtza gainera eramaten du: hauteskundeetan gertatutako manipulazioaren ondorioz, komunikazio-agentzia bateko zuzendaria espetxeratu egin dute. Orain, bere kazetari taldeak Bittor Gartzia politikariaren alaba izango du buru, eta hark bere aitaren alderdiaren alde bideratuko du ildo editoriala. Errealitate berri honetan, albiste faltsuen zabalkundeari aurre egin beharko diote eta beren benetako liderrak jasandako bidegabekeriaren aurka borrokatu beharko dute. Baina, zein izango da hori lortzeko modurik onena? Zilegi al da gezurrari gezur gehiagorekin aurre egitea egia defendatzeko?