Abuztuaren 8tik irailaren 1era egingo den programak arte eszenikoak eta Nafarroako espazio bereziak lotuko ditu. Sarrera librea izango da, gonbidapena aldez aurretik eskuratuz
Oinak hodeietan programa abuztuaren 8tik irailaren 1era bitartean egingo da, Nafarroako 15 toki berezitan, eta 19 dantza-, antzerki-, zirku- eta magia-konpainiak hartuko dute parte. Baluarte Fundazioak eta Kultura Zuzendaritza Nagusiak bultzatu dute zikloa, Nafarroako Arte Eszenikoen elkarteekin eta jarduerak egingo diren toki entitateekin elkarlanean, eta aurten ere NICDO enpresa publikoaren eta Lurralde Kohesioko Departamentuaren laguntzarekin.
Ikuskizunetarako sarrera librea da, edukiera mugatua bete arte, 50 eta 200 pertsona artekoa, espazioaren arabera. Gonbidapenak Baluarteko leihatilan eta salmenta sistemaren bitartez (sakatu HEMEN) eskuratu ahal dira, edo herri eta kokalekuetan bertan emanaldi bakoitza baino ordubete lehenago.
Programaren helburua da Nafarroako arte eszenikoen sektore profesionalari laguntzea, lurraldeko programazio kulturala dibertsifikatzea eta publikoaren esperientzia kultural eta artistikoaz gozatzeko modu berri bat proposatzea. Oinak hodeietan-ek Nafarroako konpainien formatu txiki edo ertaineko ikuskizunak herriz herri eramaten ditu, baita ohikoak ez diren kokapenetara ere, hala nola monasterio, gaztelu, baso eta kultura- eta natura-balio handiko beste leku batzuetara. Hamabost kokaleku hauetan egingo dira ikuskizunak: Iratxeko monasterioa, Elia (Egesibar), Mata de Haya-Bosque (Larra-Belagua), Monteagudo, Lerga (Abaizeko jaurerria), Olcozeko dorrea, Orreaga (Basajaunberro basoa), Iraitzoz (Ultzama), Itxasperri baseliza, Gastiain (Lana harana), Radako harresi-barrutia, Fiteroko monasterioa, Andeloseko erromatar hiria, Gorteetako gaztelua eta Santa Feko monasterioa (Urraulgoiti). Parte hartzen duten hemeretzi konpainietatik hamaika antzerkikoak dira, hiru zirkukoak, lau dantzakoak eta bat magiakoa. Hain zuzen ere, hauek dira konpainiak: Zuk Performing Arts, Colectivo Humo, Cia. Demian, Hodei Magoa, Tdiferencia, La Cuerda Teatro, Estefanía de Paz Asín, Iluna Producciones, Lorena Arangoa, Parena, Zirika Zirkus, Geldi Teatro, Dérive, Clarissa Costagliola, iXa–Barruranzko begiradak, Verdelimonar Teatro, La Banda Teatro Circo, Pasadas las 4 eta De Improviso.