John Travolta eta Olivia Newton-John protagonista dituen film ikonikoa 21:15ean iritsiko da Baluarteko hondartzara, karaoke formatuan, ingelesezko azpitituluekin
Zinema Beach 2025 zikloak Baluarteko hondartza-denboraldia uztailaren 31n itxiko du (21:15ean), GREASE (1978) filmaren proiekzioarekin. Hitzordua hondartza bihurtutako Erakusketa Aretoan izango da, bertan hamakak, jatetxe-zerbitzua eta aisialdirako gunea egonen direla. Film honek Danny Zuko (John Travolta) errebeldearen eta Sandy (Olivia Newton-John) errugabearen arteko maitasun nerabearen uda ekarriko du bueltan, ikasturte berria hastean Rydell institutuko ikasgeletan berriz elkartuko baitira.
Grease filmaren soinu-banda historiako salduenetako bat bihurtu zen, besteak beste, You 're the One That I Want, Summer Nights eta Greased Lightnin kantu ikonikoekin. Hain zuzen ere, publikoak abesti ezagun hauek eta beste batzuk abestu eta dantzatu ahal izango ditu karaoke formatuan (ingelesezko azpitituluekin) izango den emanaldian. Sari handirik jaso ez bazuen ere, Grease-ren arrakasta komertzial eta kulturalak bat-bateko klasiko bihurtu zuen. Musikalen belaunaldietan eragina izan du zineman eta antzerkian, eta oraindik ere omenaldiak eta egokitzapenak egiten zaizkio.
Zinema Beach 2025 programaren azken film hontarako sarrerak 6€ balio du eta www.baluarte.com webgunean, Baluarteko leihatilan eta NICDOk La Morea merkataritza-gunean duen salmenta-puntuan eros daitezke. Gainera, emanaldirako lau tiketeko pack berezi bat dago 20€-ren truke. Hondartzaren irekiera 20:00etan izango da eta bertan publikoak afaltzeko edo aldez aurretik txosnagunean zerbait hartzeko aukera izango du, baita chill-out gunean giro-musikaz gozatzeko. Gainera, azken edizioetan bezala, aisialdirako gune bat egongo da, eta bertan vóley pista bat egongo da, besteak beste.
Eta berriz ere, Baluartera "udako moduan" joateak saria izango du: hondartzako aulkiarekin udako zinemaz gozatzera joaten direnek izozki bat eramango dute opari gisa; familiarekin edo koadrilan datozenek, eta, gainera, hondartzako janzkera ekartzen dutenek, kontsumizio bat lortuko dute (garagardoa, ardoa edo freskagarria); flotagailuarekin, igerilekuko txanoarekin eta hawaiiar alkandorarekin joaten direnek garagardo bat eta krispetak lortuko dituzte; eta hondartzaz gozatzera etortzen direnek, saio bakoitzeko filmaren gaiarekin bat datorren mozorroa jantzita, krispetak lortuko dituzte eta bi lagunentzako esperientzia esklusibo baten zozketan parte hartuko dute.
Film honetaz gain, Zinema Beach 2025ek beste lau 'klasiko' ekarri ditu: Up (uztailak 17), Con faldas y a lo loco (22), Mary Poppins (24) eta El Golpe (29).