Broadway-n sei Tony Sari irabazi dituen komedia musikal honetarako sarrerak ohiko kanaletan eskura daitezke
Kinky Boots, musikala bira nazionalarekin iritsiko da Baluartera datozen Gabonetan, abenduaren 27tik 29ra, Madrilen izan ondoren. Komedia musikal honek Broadwayko egonaldian 6 Tony Sari (Musikal Onena eta Musika Original Onena barne) eskuratu zituen eta 2.500 emanaldi baino gehiago egin zituen 6 denboralditan. Kinky Boots benetako gertaeretan inspiratuta dago eta ezer komunik ez duten -edo behintzat hori uste duten- bi pertsonari buruzko gainditze istorioa da. Kritikak goraipatua, musikal hau, Harvey Fiersteinen testuarekin eta Cyndi Lauperren musika eta letrekin, Silvia Villaúk zuzendua eta Theatre Propertiesek ekoitzia da.
Abenduaren 27an, ostirala, eta 28an, larunbata, 20:00etan izango da emanaldia, eta hilak 29an, igandea, arratsaldeko 17:00etan. Musikalerako sarrerak 45, 50 eta 55 eurotan www.baluarte.com web-orrian, Baluarteko txarteldegian eta NICDOk La Morea merkataritza-gunean duen informazio- eta salmenta-puntuan eskura daitezke.
Argumentua benetako gertaera batean oinarrituta dago. Charlie Price zapatari artisau baten semea da, Ingalaterrako herri batean hainbat familiari lana ematen dien fabrika baten jabearena. Simonen (Lola) familian ere aita zurrun samarra da, eta inoiz ez du ulertu dantzarako duen zaletasuna, are gutxiago amaren takoi altuko oinetako gorriekiko bere erakarpena. Charlieri bat-batean hil zaio aita eta bere gain hartu behar izan du gain behera doan familia-negozioa. Langileak eszeptiko dira, Charlie ez dutelako nagusi izateko gai ikusten, eta Charlie Londresera doa irtenbide bila. Hala, ustekabean Lola ezagutuko du, barietate artista. Lola mugitzen den giroan oso moda berezia zabaldu da; plataformadun bota altuak eramatekoa. Ordea, bota horiek ez daude gizon baten pisua jasateko eginak eta horrexegatik hausten zaizkio beti takoiak. Charlie horretaz ohartu da, eta konturatu da pagotxa bat duela oinetakoen merkatuan ustiatzeko.