Jerezko kantariak omenaldia egingo dio Manuel Alejandro musikagileari, Espainiako abesti handia eta flamenkoa uztartzen dituen kontzertu batean. Sarrerak salgai daude
Flamenco on Fire Jaialdiaren XIII. edizioak hiru Kontzertu Handi ekarriko ditu abuztuko azken astean Baluartera. Zehazki, abuztuaren 27an, ostegunez, José Mercé izango da Iruñeko auditoriumean egingo den FOF 2026 jaialdiaren hasierako kontzertuko protagonista. Jerezko flamenko-kantariak José Mercé canta a Manuel Alejandro ikuskizun berria aurkeztuko du, omenalditik harago doan proposamena: oroimenaren, berrinterpretazioaren eta emozioz beteriko bi musika-unibertsoren arteko elkarrizketaren ariketa. Espainiako kantagintzaren funtsezko egile eta hainbat belaunaldi markatu dituen errepertorioaren sortzaile Manuel Alejandroren lanak adierazpide berri bat aurkitzen du Mercéren ahotsean. Ez da egokitzapen hutsa, flamenkoaren hizkuntzatik egindako berrirakurketa baizik; bertan, tradizioa eta sentiberatasuna uztartzen dira Espainiako musikaren historian arrastoa utzi duten kantuei begirada berri bat eskaintzeko.
Gaueko 21:15ean hasiko den emanaldirako sarrerak 30 €/ 35 €/ 42 € eta 48 € balio dute, eta Baluarteko leihatilan eta NICDOk La Morea merkataritza-gunean duen informazio- eta salmenta-puntuan eros daitezke. Online ere eskura daitezke, www.baluarte.com webgunearen bidez: 30,95 €/ 35,95 €/ 42,95 €eta 48,95 € (kudeaketa-gastuak barne). Gainera, Sarrera Irisgarriak (MUPak eta PDSak) erosteko aukera dago.
1968an lehen diskoa argitaratu zuenetik, José Mercék 18 album kaleratu ditu, eta denbora horretan flamenkoaren funtsa bere horretan mantentzea lortu du, aldi berean publiko berriengana hurbilduz. Del amanecer lanarekin lortutako arrakasta historikoak mugarri bat ezarri zuen flamenko garaikidean: milioi bat disko baino gehiago saldu zituen lehen kantaria izan zen, eta Diamante Diskoa eskuratu zuen, generoaren historian aurrekaririk gabeko aitortza.
Baluartera egingo duen laugarren bisita izango da, eta horietatik bi Flamenco on Fire Jaialdiaren barruan izan dira.