Gu gara:

NICDO Gobierno de Navarra

Sare profesionalak:

APCE La Red Española
18/06/2026

Euskadiko Orkestrak 2026-2027 denboraldi berrian 10 kontzertu eskainiko ditu Baluarten

Iruñean urriaren 3tik maiatzaren 31ra egingo den programazio berriak 9 zuzendari, 6 instrumentu-bakarlari, nazioartean proiekzio handia duten 3 ahots-bakarlari eta lurraldeko 4 abesbatza garrantzitsu izango ditu. Sarrera solteak irailaren 1ean jarriko dira salgai

  • Euskadiko Orkestra
  • Temporada Sinfónica 26-27
  • conciertos Baluarte


Euskadiko Orkestrak hamar kontzertu eskainiko ditu Baluarten urriaren 3tik maiatzaren 31ra bitartean, 2026/2027 Denboraldi Sinfonikoaren baitan. Denboraldi berriak giza izaeraren galdera handietan barrena doan ibilbidea proposatzen du: bizitza eta heriotza, patua, itxaropena, memoria, identitatea edo askatasuna. Gustav Mahlerren espiritualtasunetik Dmitri Xostakovitxen tentsio politikora; Bachen soinu-unibertsotik Stravinskiren modernitatera; Aita Donostiaren eta Jesus Guridiren euskal musika-ondaretik Pacho Floresen latinoamerikar bizitasunera doan bidaia. Sarrera solteak irailaren 1etik aurrera erosi ahal izango dira www.euskadikoorkestra.eus webgunean eta Baluarteko leihatilan. Abonu berrien salmenta uztailaren 1ean irekiko da orkestraren webgunearen bidez edo 943 01 32 32 telefonora deituz.

Denboraldiko erradiografia musikalean, Aita Donostiak orain 100 urte, 1926an, Parisen estreinatu zuen La vie profonde de Saint François D’Assise obra berreskuratzeko egindako lanarekin egingo dugu dardara. Frantziako hiriburuak, abangoardiaren erdigune gisa, beste konpositore garaikide batzuk ere bildu zituen: Falla eta haren lagun Debussy eta Stravinski, adibidez. Musika-arkitekturaren beste zutabe garrantzitsu batek Bachengana eramango gaitu, aitzakia eta inspirazio gisa. Izan ere, XIX. eta XX. mendeetako zazpi sortzailek jenio alemaniarraren perfekzio teknikoa berrasmatu zuten, bizitza berria emanez. Denboran jauzia eginda, Pacho Flores venezuelarraren Amerikara iritsiko gara eta tronpetan duen birtuosismoa ezagutuko dugu, lore, tango, kantu eta bihurguneen istorioekin jolasteko.

Orkestrak artista mordoa jasoko du denboraldi honetan bere programazioan: bederatzi zuzendari (Marzena Diakun, Delyana Lazarova, Paul Goodwin eta Philipp Von Steinaecker estreinatuko dira, eta Lucas Macias, Ernest Martínez Izquierdo, Manuel Hernández-Silva, Christian Zacharias eta Pablo González errepikatuko dira); sei bakarlari instrumental (Christian Zacharias eta Elisabeth Leonskaja pianistak, Akiko Suwanai biolinista eta Pacho Flores tronpetista venezuelar ospetsua); hiru ahots bakarlari (Jone Martínez soprano bizkaitarra, Nadezhda Karyazina mezzosopranoa eta Luken Munguira tenorra); eta lau abesbatza (Donostiako Orfeoia, Easo eta Easo Gazte abesbatzak eta Bilboko Koral Elkartea).