Baluarte Fundazioaren zikloaren proposamen honetan, Larumbe Dantza Konpainiak ingurumenaren sentsibilizazioari buruzko bere proposamena taularatuko du
Baluarte Fundazioak programatutako Baluarte Txiki 2023/24 zikloaren bigarren proposamena, AIRE 3D, Baluarten izango da larunbat honetan, hilak 16an, arratsaldeko 17:00etan Ganbera Aretoan. Dantza garaikidea eta hipermedia 3Dn uztartzen dituen ikuskizun hau Larumbe Dantza Konpainiak ingurumenaren sentsibilizazioari eskaini dion trilogiaren azken lana da, bere aurrekoen nazioarteko sari eta arrakasten ondoren: Baleak, erraldoien istorioak (ura) eta Basoaren ametsak (lurra).
Ikuskizunak 50 minutuko iraupena izango du eta 5 urtetik gorako umeentzat gomendatuta dago. Sarrerak 10 eurotan ohiko kanaletan eskura daitezke: Baluarteko txarteldegian, www.baluarte.com web-orrian eta NICDOk La Morean duen informazio- eta salmenta-gunean. Gainera, 4 sarrera-sortak ere salduko dira, 30 eurotan.
AIRE lanaren historia, arraroa dirudien arren, igogailu batean hasi zen, hiri handi bateko eraikin bateko bi emakume bertan topatu eta blokeatuak gelditu zirenean. Kezkaren aurrean eta leku txiki-txiki horrek beharturiko bizikidetzaren aurrean, premia gisa sortzen da AIRE, bai eta elkartze elementu gisa ere. Bi emakumeek, elkarrekin, irudimenezko bidaiari helduko diote, aire bihurtuta, eta beren dinamiken edertasun, dibertsio eta ahalmen guztia esperimentatuko dute lehen eskutik, baina, aldi berean, eraiki dugun gizarteak eraginen dien degradazioaren efektu guztiak.