Baluarte está integrado en la sociedad pública de Gobierno de Navarra, NICDO "Navarra Impulsa Cultura, Deporte y Ocio"

NICDO
11/04/2024

PARJAP 2024 - Parke eta Lorategi Publikoen Kongresuak 500 pertsona baino gehiago bilduko ditu Baluarten maiatzaren 8tik 10era

Espainia, Italia, Frantzia eta Alemaniako aditu profesionalak eta zientzialariak naturak hirientzako duen potentzialaz mintzatuko dira

  • PARJAP 2024
  • congreso Baluarte
  • sostenibilidad


Baluartek PARJAP 2024 kongresua hartuko du heldu den maiatzaren 8tik 10era, Iruñeko Udalak eta AEPJPk (Parke eta Lorategi Publikoen Espainiako Elkarteak) antolatuta. Foro espezializatu horrek, aurtengo edizioan, Naturan Oinarritutako Soluzioak (NOS) izanen ditu ardatz etorkizuneko apustu gisa, eta 500 pertsona baino gehiago bilduko ditu hiru egun horietan eginen diren hitzaldi, mahai-inguru eta networking jardunaldietan.

Kongresuaren 50. edizioaren programako edukiak lau gai-multzoren inguruan bilduko dira, eta NOSen ikuspegitik aztertuko dira. Hala, soluzio horiek lurralde-antolamenduaren esparruan nola garatu aztertuko da, hiri mailan nola aplikatu, berdegune publikoetan nola gauzatu, eta, azkenik, aukerak eskala txikiko proiektu eta proposamenetara ekarriko dira. Hiru egun horietan, Italia, Frantzia eta Alemaniako 30 bat hizlarik, tartean aditu profesionalek eta zientzialariek, naturaren potentzialari eta onurei buruzko esperientziak eta ikerketak partekatuko dituzte hitzaldi eta mahai-inguruetan. 

Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta Pedro Calaza AEPJPko presidenteak Kongresua ofizialki inauguratu ondoren, Carlo Calfapietra Institute of Research on Terrestrial Ecosystems-eko (IRET) zuzendariak eginen du PARJAP jardunaldien inaugurazio-hitzaldia: Naturan Oinarritutako Soluzioak hiri-ekosistema birgaitzeko. Hirien birnaturalizazioa, Iruñeko Udalaren etorkizunera begirako Azpiegitura Berde eta Drainatze Jasangarriko Plana, urik gabeko lorategiak edo lurzoruaren biodibertsitatearen kontserbazioa ere gai nabarmenak izanen dira hitzaldi eta mahai-inguruetan.

Foro espezializatu hau administrazio publikoko teknikariei, mantentze- eta kontserbazio-enpresen kudeatzaileei, aholkularitza-enpresei, lorezaintza-enpresei eta graduko edo lanbide-heziketako ikasleei zuzenduta dago, eta klima-aldaketari aurre egiteko espazio berdea nola erabili pentsatzeko erronkari aurre egin beharko dio. 

Saio zientifikoez gain, PARJAP 2024ko programak beste jarduera batzuk ere biltzen ditu, hala nola posterrak aurkeztea, kongresua oroitzeko udal-mugartean zuhaitz bat landatzea, eta, bilkuren barruan, AEPJPko bazkideen batzarra eginen da. Horiez gain, Azpiegitura Berdeen esparruan haien zerbitzuak ezagutzera eman nahi dituzten enpresei zuzendutako erakusmahaien gune bat ere izanen da. Guztira 24 konpainiak baieztatu dute Baluarten Kress enpresaren babesarekin eta Imesapiren laguntzarekin eginen den PARJAP 2024 Kongresuan izanen direla, haien lana ikusarazi eta harreman profesional berriak eta negozio aukerak sortze aldera. Gainera, jardunaldiei amaiera emateko PARJAP sariak banatuko dira.