Konpainiak omenaldia egin dio Georges Bizeti Baluarten, bere maisulanaren estreinaldiaren 150. urteurrenean, Espainiako dantzaren klasiko honekin. Azken sarrerak salgai
Carmen balletaren pasioa eta drama Iruñeko auditorioko Areto Nagusira iritsiko dira ostiral honetan (maiatzak 30, 19:30ean) Antonio Gades Konpainiaren eskutik, Baluarte Fundazioaren 24-25 Denboraldi Nagusiaren baitan. Ballet narratibo hau Antonio Gadesek sortutako hirugarrena izan zen, eta Carlos Saura zinemagilearekin izandako lankidetza estuaren lehen emaitza eszenikoa. Sortu eta 35 urte baino gehiagora, bere garaiko lan iraultzaile hau espainiar dantzaren klasiko bihurtu da. Oraingo honetan, Georges Bizeten omenez taularatuko da, Antonio Gades Konpainiaren sorrera inspiratu zuen maisulanaren estreinaldiaren 150. urteurrenean. Balleteko pertsonaiak koreografoaren bi bizi-jarrera bereizgarrienak islatzen ditu: klase-kontzientzia eta askatasunarekiko maitasuna.
Ikuskizun honen zuzendaritza artistikoa Stella Arauzok egiten du -urte askoan dantzari nagusi izan zen Gadesekin batera-, eta zuzeneko flamenko musika izango du kantari eta gitarrista talde baten eskutik. Antonio Gades, Antonio Solera, Ricardo Freire, Georges Bizet (Carmen), Manuel Penella (El gato montés) eta José Ortega Heredia/Federico García Lorcaren (Verde que te quiero verde) lanak entzungo dira.
Sarrerak 38, 27 eta 17 eurotan, eta 30 urtetik beherakoentzat, 30, 22 eta 14 eurotan, ohiko kanaletan eskura daitezke: www.baluarte.com web-orrian, Baluarteko txarteldegian eta NICDOk La Morean duen informazio- eta salmenta-gunean. Gainera, ikuskizuna baino hiru egun lehenagotik 30 urtetik beherakoek txartelak 12, 8 eta 5 eurotan erosi ahal izango dituzte (soilik txarteldegian).