NICDOk antolatutako Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren XIX. edizio honetarako 900 film inguru inskribatu ziren
Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiak -Nafarroako Gobernuak sustatua eta NICDO sozietate publikoak antolatua- bere hemeretzigarren edizioa 2025eko otsailaren 24tik martxoaren 1era ospatuko du, berriz ere Baluarte egoitza nagusia izango duela. Jaialdiak ez-fikzioko zinemagintzako profesionalak eta zaleak berriro bilduko ditu gurean.
Ondoz-ondoko laugarren urtez Manuel Asín zuzendari artistikoa izango duen Jaialdiaren aurkezpenean programazioan gehien espero den sailetako bat iragarri da: Sail ofiziala. Zehazki, 17 film izango ditu: sarien lehian arituko diren hamar film luze eta zazpi film labur. Aurten berriz ere, Sail Ofizialean estreinaldi ugari izango dira: izan ere, mundu mailako lau estreinaldi, nazioarte mailako beste lau, Europa mailako bat, Espainia mailan zazpi eta Nafarroan estreinaldi bat aukeratu dituzte 900 film ingururen artetik.
Sail Ofizialeko film garrantzitsuenei dagokienez, José Luis Sepúlveda eta Carolina Adriazola txiletarren Cuadro negro film luze berriaren munduko estreinaldia izanen dugu, zinema garaikidean erreferentzia diren pertsonak, eta Estatuko zinemagile gazteen bi film ere mundu osoan lehen aldiz izanen ditugu ikusgai (Emilio Hupe-ren El viento que golpea mi ventana eta Ramon Balcells-en A), Wonwoo Kim hegokorearraren Writing Poems at the End of the World film laburrarekin batera. Bereziki aipatzekoa da Maddi Barber eta Marina Lameiroren azken filma, Cambium, Nafarroan estreinatuko dugula, nazioarteko jaialdi garrantzitsuetan barna ibili ondoren, hala nola Visions du Réel, (Nyon, Suitza) edo Rencontres Internationales Paris/Berlin jaialdietan.
Bestalde, hasierako eta amaierako saioetan bi obra historiko eskainiko dira; izan ere, bere garaian ez ziren oso estimatuak izan, eta jaialdiak beste ikuspegi batetik begiratuta berreskuratu nahi izan ditu. Otsailaren 24an, Tent City (1980) proiektatuko da, Miñuca Villaverde zinemagile kubatar aitzindariaren dokumental bakarra eta, jarraian, solasaldi bat eginen dugu zinemagilearekin berarekin, haren senar eta kolaboratzaile Fernando Villaverde idazle eta zinemagilearekin eta José Luis Aparicio programatzailearekin. Amaierako proiekzioan Frans van de Staak zinemagilearen Sepio (1996) filma izanen dugu ikusgai; izan ere, aurtengo edizio honetan, zinemagile nederlandarrari buruzko zikloa antolatu dugu jaialdian –jatorrizko herrialdetik kanpo egiten den lehen zikloa izanen da–, Herbehereetako Enbaxadaren eta Eye Filmmuseum erakundearen laguntzarekin, eta zikloari bukaera emanen dion proiekzioa izanen da.
Sarrera orokorrak otsailaren erdialdera jarriko dira salgai, eta profesional eta ikasleentzako akreditazioak eskatzen ahal dira jada, jaialdiaren webgunean.
Punto de Vista 2025 Sail Ofiziala:
1. A South-facing House in Gyeonggi Province [경기도의 어느 남향 집], Jin-Yong Park. Hego Korea. 2024. 71 min. Nazioarteko estreinaldia
2. A Stone’s Throw [على مرمى حجر], Razan AlSalah. Palestina, Libano, Kanada. 2024. 40 min. Espainiako estreinaldia
3. A., Ramon Balcells. Espainia. 2025. 10 min. Munduko estreinaldia
4. Bamssi, Mourad Ben Amor. Belgika, Tunisia. 2024. 26 min. Espainiako estreinaldia
5. Cambium, Maddi Barber eta Marina Lameiro. Espainia. 2024. 44 min. Estreinaldia Nafarroan
6. Cuadro negro, Jose Luis Sepúlveda eta Carolina Adriazola. Txile. 2025. 126 min. Munduko estreinaldia
7. El viento que golpea mi ventana, Emilio Hupe. Espainia. 2025. 26 min. Munduko estreinaldia
8. Fuck You! El último show, José Luis García. Argentina. 2024. 81 min. Espainiako estreinaldia
9. If I Fall, Don't Pick Me Up, Declan Clarke. Irlanda. 2024. 116 min. Espainiako estreinaldia
10. Imágenes para Nina y el árbol, Ana Comes. Argentina. 2023. 8 min. Estreinaldia Europan
11. La balandra, Matías Lima. Argentina. 2024. 13 min. Nazioarteko estreinaldia
12. La limace et l’escargot, Anne Benhaïem. Frantzia. 2024. 57 min. Nazioarteko estreinaldia
13. La prunelle rouge, Louapre Pierre. Frantzia. 2024. 57 min. Nazioarteko estreinaldia
14. Materialsammlung, David Gómez. Alemania, Kolonbia. 2024. 52 min. Espainiako estreinaldia
15. Portales, Elena Duque. Espainia. 2025. 15 min. Espainiako estreinaldia
16. Una temporada en la Frontera, Ileana Dell'Unti. Argentina. 2024. 142 min. Espainiako estreinaldia
17. Writing poems at the end of the world, Wonwoo Kim. Hego Korea. 2024. 30 min. Munduko estreinaldia