Ikastetxeko hamabigarren musikalak landa-eremuko despopulazioaren arazoari heltzen dio fikzio distopiko baten bidez, eta zuzeneko musika izanen du bere orkestraren eskutik. Sarrerak, ohiko kanaletan
Heldu den astean, hilak 16n, Jaso Ikastolak ITSAS-7 musikala Baluarteko Areto Nagusian taularatuko du, arratsaldeko 19:00etan. Ikastolak abiarazi duen hamabigarren ikuskizun honek, bere taldearen hezkuntza-, hizkuntza- eta arte-gaitasunak jokoan jartzeaz gain, musikalaren ekintza landa-eremuko despopulazioaren arazoan oinarritzen da. Fikzio distopiko baten bidez, ITSAS-7k kutsaduragatik gizakiak itsaspean bizitzera joan behar izan diren mundu bat islatzen du. Aurreko urtean bezala, proposamenak zuzeneko musika izango du, oraingo honetan sortu berri den orkestra propio batek interpretatua, ikasle ohiek, irakasleek, senideek eta laguntzaileek osatua.
Sarrerak 15 eurotan www.baluarte.com webgunean, Baluarteko txarteldegian eta NICDOk La Morea merkataritza-gunean duen informazio- eta salmenta-puntuan eskura daitezke.
Ikastetxeko ikuskizun berri hau STEAM metodologian (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika) oinarritutako sormen, ekintzailetza, lan kooperatibo eta autogestioko hezkuntza-programa baten emaitza da. Horren alde egin du Iruñeko ikastola honek, eta urtero garatzen dute ikasleek ikasturte osoan. Proiektu honetan 12 eta 15 urte bitarteko DBHko berrogeita hamar bat ikaslek hartzen dute parte, ikastetxeko irakasleek, gurasoek eta boluntariotza-lanak lagunduta, Imanol Janices eta Irantzu Zabalza irakasleen zuzendaritzapean. Gainera, musikalaren edizio honetan Lehen Hezkuntzako hainbat ikaslek parte hartzen dute.
ITSAS-7k despopulazioari aurre egiteko hiriek eta herriek elkarri lagunduko dioten gizarte baten historia oholtza gainera eramaten du. Zehazki, etorkizunean kokatzen du trama. Kutsadurak eta lehorreko errekurtso falta dela eta zibilizazioa ur azpira bizitzera joan behar izan da, hiriak kupuletan sartuz. Lehorrean azken herriak geratzen dira. Bertako nekazariek haien bizimodua kontrabandoaren bitartez eta nezkazaritzari esker mantentzen dute, baina gero eta jende gutxiago dago uzta horiek eta animaliak zaintzeko. Mundua kolapsora iristear dago. Hirietan bizimodua erabat aldatu da.