Bigarren urtez jarraian, Baluarte Fundazioak 16 – 30 urte artekoentzat zabaldu du esklusiban operaren entsegu orokorra, oraingoan Pucciniren Toscaren entsegua. Saioa Baluarte Fundazioaren Hezkuntza eta Gizarte Programaren baitan dago, opera jende gaztearengana hurbiltze aldera.
Zergatik etorri operara, gaztea bazara?
Esperientzia zoragarria delako, ederki konbinatzen baititu zuzeneko musika, antzerkia, hunkidura biziak, bai eta harrituko zaituen eszenaratzea ere. Opera ez baita iraganeko kontua: maitasunaz, errebeldiaz, botereaz mintzo da, bai eta beti bezain bizirik dirauten giza pasioez ere. Baluarte Fundazioak prezio berezia eskaintzen du arte hori ezagutu -edo berrezagutu- dezazun. Ausartu zaitez bestelako esperientzia bat bizitzera!
Zer du ezaugarri Toscaren ekoizpen honek?
Palermoko Teatro Massimoren ekoizpen honek eszenaratze klasikoa eta ikusgarria du, eta gainera, 1800eko Erromara eramanen gaitu. Mario Pontiggia da eszenografia-zuzendaria. Hiria Elizaren eta indarkeriazko zapalkuntza eragiten duen polizia ankerraren mendean dago. Giro tenkatu eta zapalgarriaren erdian, amodio, jelosi, botere eta traizio istorio bat piztuko da. Eszenografiak, jantziek eta argiek ikusizko mundu erakargarri bat sortzen dute, sinboloz, luxuz eta kontratez betea.
Hiru ahots bikain dira buru interpreteen artean: Vanessa Goikoetxea sopranoa Floria Tosca da; Arturo Chacón tenorra, berriz, Mario Cavaradossi, hau da, artista gartsu eta ausarta; eta Carlos Álvarez baritonoak Scarpia baroiaren papera egiten du.
Tosca, 1900ean estreinatua, hiru ekitaldiko opera da, eta drama politikoa konbinatzen du amodio-istorio sutsu batekin. Aria gogoangarriz beteriko partituran (adibidez, Vissi d’arte eta E lucevan le stelle), Puccinik musika gartsua ondu zuen, narrazioaren tentsioa amaiera tragikoraino bertaraino indartzen duena.
Ekoizpena: Teatro Massimo di Palermo
Vanessa Goikoetxea, Floria Tosca
Arturo Chacón, Mario Caravadossi
Carlos Álvarez, Scarpia
Mario Pontiggia, eszenaren zuzendaritza
Francesco Zito, eszenografia eta jantziak
Bruno Ciulli, argiztapena
Nafarroako Orkestra Sinfonikoa
AGAO Abesbatza Lirikoa
Iruñeko Orfeoiaren Gazte Korua
Iván López Reynoso, musika zuzendaria
ESKLUSIBOKI 16-30 URTE BITARTEKO GAZTEENTZAT
Emanaldiaren egunean aretora sartzeko adina egiaztatzeko eskatuko da.